Solasaldia Sizilian
€19,00
Author : Elio Vittorini
Sizilia da Mediterraneo itsasoaren bihotza. Bertan izan dira greziarrak, erromatarrak, bandaloak, bizantziarrak edota mairuak. Sizilia dira gosea, migrazioa, biolentzia amaigabea. Antzinako doinuak, begiradak eta sumendiak. Siziliak jabe bakarra du, bertan betirako agintzen duena: Eguzkia. Ez du inork Sizilia utziko eguzki izpi bakan batzuk barne-barnean gorde gabe.
Silvestro Ferrautok, Bolonian bizi den tipografo siziliarrak, aitaren eskutitza jaso du ama beste emakume batengatik utzi duela esanez. Segituan hartu du trena Siziliara, ongi ulertu gabe zergatik, ama ikustera joateko. Italia osoa zeharkatuko du, baita irlako portu eta ibarrak ere, etxera iritsi arte. Bidaia hitzez hitz bizitzaren sustraietara etorriko da, Siziliako eguzkia atzean utzi eta gauean barneratuz joan ahala.
Hau da Elio Vittoriniren maisulana, zentsura faxista saihestuz Mussoliniren Italian argitaratzea lortu zen eleberri antifaxista bakarra.
Itzultzailea: Pello Lizarralde.
Idazle, itzultzaile eta kritikari italiarra. Trenbideetako langile baten seme, txikitan etxetik maiz egin zuen ihes munduaren zabala haztatzeko. Hemingway, Dos Passos eta Saroyan itzuli zituen. Espainiako Gerra Zibilaren ostean faxismotik antifaxismora pasatu zen, eta erresistentzian parte hartu. Zentsurarekin arazo ugari izan eta 1942an kartzelan sartu zuten. Ostera literatur aldizkariak zuzendu eta Einaudi argitaletxean ibili zen, editore.
«Ez dut esango zein ziren sumin abstraktuok», dio narratzaileak uko eginez ideologiaren abstrakziotik hitz egiteari. Errealitateaz mintzatzeko, baliabide ezin hobeak dira ironia, surrealismoa, xaribaria, hizkera primitiboen imintzioa... Narratzaileak badaki faxismoak gorroto dituela barrea, ironia, burla: sistema ideologiko itxiek (totalitarismoek bezala erlijioek ere) ez dute irria maite. Faxistek-eta hain dituzte goi-goian beren buruak, non trufa duten etsairik minena.
Anjel Lertxundik, 2021eko ekainaren 6an.