Abizen berriaren historia
€21,00
Author : Elena Ferrante
Lilak eta Elenak hamasei urte dituzte, eta biak bide itsu batean sentitzen dira. Lila ezkondu berria da, eta senarraren abizena hartzean berea galdu duela nabari du bere baitan. Elena oraindik ikasle eredugarria da, baina adiskidearen ezkontzak berak ohartarazi dio ez dagoela ongi ez auzoan ez kanpoan.
Adiskide paregabean hor utzi genituen bi adiskideak. Orain, haien bizipenak une horretatik abiatzen dira, eta bi nesken gaztaro bizian barrena eramanen gaituzte erritmo aztoragarrian, orain bata bestearen atzetik orpoz orpo, gero elkarrengandik urrunduta, gero berriro elkar aurkitzeko. Eta atzealdean beti Napoli eta garai hartako Italia daude, eta hor aurkituko dugu gaur eguneko egoera asaldagarriaren ernamuina.
Kontakizuna bera eta idazkeraren indarra dira azpimarratuko genituzkeenak, eta irakurleari utziko diogu orri bakoitzean harritzeko aukera ederra. Izan ere, hori dugu hoberena, Lilaren eta Elenaren bizipenek herrestan eramaten uztea, bi neskak ongi ezagutzea, geure burua haien ispiluan ikustea, bai errealitatera egokitzeko premia dugunean, bai geure bidea urratu eta geure bizitzaren jabe izan nahi dugunean.
Itzultzailea: Fernando Rey.
Elena Ferrantek 2011an lortu zuela mundu mailako arrakasta Adiskide paregabea tetralogiako lehen liburuarekin. Mende honen hasierako italiar idazlerik ospetsuena bihurtu da, baina bere ibilbide literarioari 20 urte inguru lehenago idatzitako L’amore molestorekin eman zion hasiera. Elena Ferrante Anita Raja itzultzailearen pseudonimo bat da. Rajak ez zuen Ferranteren egiazko nortasuna azaleratzerik nahi; komunikabideetan zabaldu zenean, arreta bere liburuetan baino ez zuela ipini gura berretsi zuen, elkarrizketak emateari uko eginda.
Ferrante fenomeno handia bihurtu da Mendebaldean. Horretan, alde batetik, egilearen anonimotasuna traizionatzea izan da eztabaidaren pizgarri —ezezaguna ezkutukoa baitzen orain gutxi arte—. Beste alde batetik, tetralogiaren beraren literatur maila da eztabaidagai. Arte literarioa da, ala literatura komertziala? Ez da diplomatikoa izateagatik, baina nik hain beharrezkoa den erdibidean jarriko nuke, Mikel Ayerbe adiskideak midcult deituko lukeenean.
Alex Gurrutxaga, 2017ko otsailaren 5a.