Sherlock Holmesen abenturak II
€10,00
Author : Arthur Conan Doyle
Arthur Conan Doylek detektibearen figura giltzarri zuten narrazio laburrak idaztea bururatu zitzaionean lortu zuen benetako arrakasta. Strand aldizkarian argitaratu zen lehenbiziko saila 1891ko uztailetik aurrera. Aldizkariaren argitaratzaileak historia gehiago idazteko erreguka ari zitzaizkion etengabe, eta irakurleek argitalpenak bata bestearen atzetik agortzen zituzten beren heroia berriro lanean ikusteagatik. Ondoren Sherlock Holmesen abenturak izenburuarekin argitaratu zen bilduma gisa.
Sherlock Holmesen arrakastak Conan Doyleri medikuntza-lanak alde batera uzteko aukera eman zion. Baina ez zuen pentsatzen Holmesi betiko loturik geratzerik. Horregatik lehenbiziko hamabi abenturak bukatzerako pentsatua zeukan bere pertsonaia hiltzea, distraitu eta gauza hobeak egitea galarazten ziolako. Baina argitaratzaileen eta irakurleen eskariei amore eman, eta beste historia mordo bat idatzi behar izan zuen.
Irakurleak atseginez hartzen du historia bakoitzaren hasieran Holmesek Watson doktorearekin duen elkarrizketa, eta irakurtzeko gogoa handitzen zaio bezero berri bakoitza txunditzeko egiten dituen adierazpenekin. Ondoren, gehiegi luzatu gabe, Holmesek kasua inolako arazorik gabe argitzen du, misteriorik ilunena arazo koxkor bat besterik ez zela garbi utziaz. Formula paregabea izan zen. Eta gaur egun diren irakurleek ere oraindik balio duela frogatzen dute.
Itzultzailea: Fernando Rey.
Inoizko detektiberik ospetsuenaren sortzailea eskoziarra dugu. Medikuntza ikasketak egina, oftalmologo aritu zen, baita Artikoko baleontzi batean mediku ere. Katolizismoa baztertuta murgildu zen okultismoaren ur ilunetan. Hiru gerratan zuzenean parte hartzea egokitu zitzaion. Politikan unionista liberalekin aritua, Kongoko basakeria koloniala salatu zuen. 60 liburutik gora idatzi zituen, fikziozkoak, eleberri historikoak eta askotariko saiakerak. Egun oraindik ere aipatzen badugu, Sherlock Holmes eta Watson doktorea sortzeagatik da. Lan garrantzitsuagoetatik desbideratzen zutela iritzita, haiek akabatzea erabaki zuen autoreak, baina jarraitzaileen protestek behartuta berriz ere berpiztu behar izan zituen gure detektibe argia eta doktore are argiagoa.
Egileak irakurlea beti berak nahi duen bidetik eramaten du. Kasuaren hurrengo urratsa planteatzen du istorioak segi dezan eta irakurleak erraz beregana dezan, ulermen zailtasunik gabe. Arrastoari tiraka aurrera egiten du, katebegiz katebegi kate osoa osatu arte. Detektibe argiak dedukzioaren metodoa erabiltzen du beti eta, metodo horren laguntzaz, bukaeran gertakari guztiak argitzen zaizkio irakurleari.
Jon Eugik, 1997ko uztailaren 27an.