Ez duzu libururik saskian.

  /    /  Literatura Unibertsala  /  Maleta

Maleta

12,50

Author : Sergei Dovlatov

Objektu gutxi batzuez beteriko maleta bat da. Dovlatovek Sobiet Batasunetik AEBetara emigratu zuenean berekin hartu zuen maleta. Emigratzeko asmotan dela, hara non esaten dioten hiru maleta besterik ezin duela eraman. Puskak biltzen hasi, eta ohartzen da hiru maleta ez, bakar bat aski duela bere ondasun guztiak sartzeko. Bere bizitza osoa maleta ezdeus batean bildurik. Eta halaxe abiatzen du kontakizuna, ipuin bat josiz maletan sartu zituen objektu bakoitzaren inguruan. Oroitzapen bat objektu bakoitzeko.

 

Eta halaxe harilkatzen ditu bere bizitzako zenbait pasarte, banan-banan, atzean utzi duen munduaren garratza, absurdoa eta zentzugabetasuna agerian utziz. Narrazio guztiak bere ohiko estilo arinean daude idatzirik: estilo arina, baina baita zorrotza, fina, gardena, sarkastikoa, garratza, ziztakaria ere. Eta vodkaz, vodka askoz bustirik.

 

Itzultzailea: Amaia Apalauza.

Sergei Dovlatov

Idazle eta kazetari errusiarra. Leningraden (gaur egungo San Petersburgon) igaro zuen bere bizitza gehiena, harik eta AEBetara emigratu zuen arte, 1970eko hamarkadaren bukaeran. Leningradeko unibertsitatetik bota zuten, lan-eremu batean aritu zen zaindari-lanetan eta kazetari jardun zuen zenbait egunkaritan (Leningraden eta Tallinnen). Bizipen horiek guztiek akuilaturik idatzi zituen bere liburu guztiak, ironia eta absurdoa lagun, hala nola Konpromisoa (1981), Eremua (1982an), Gutarrak (1983), Emakume atzerritarra (1986) eta Maleta (1986), besteak beste. Sobietar sistemak galarazia, Amerikako erbestean argitaratu zituen bere lan guztiak.

Pozik naiz Sergei Dovlatov ezagutu izanaz. Idazle errusiarren artean ohituago gaude Gogol, Puxkin, Txekhov edo Tolstoi bezalako izenetara baina ziurtatu dezaket, behin dastaturik, Dovlatov (Ufa, 1941-New York, 1990) ahazten ez den idazle horietakoa dela.

Saioa Ruiz Gonzalezek, 2016ko martxoaren 27an.

Idazlan honetan agertzen diren narrazioen abiapuntuan Estatu Batuetara joan zenean idazleak eraman zuen maleta barruan gordetako objektuak azaltzen zaizkigu. Objektu arruntak dira (bota batzuk, gerriko bat, trajea…) baina aldez edo moldez Errusian bizi zen egoera azaltzeko balio dute, objektu bakoitzak bere atzean historia bat baitu, objektua bera transzenditzen duena egoeraren metafora bihurtuz. Objektu bakoitzaren atzean dagoen historia hori gehienetan sinple xamarra da, ironikoa eta umoretsua, ia pikareskoa kasuren batean.

Javier Rojok, 2015eko uztailaren 31n.

Sobiet Batasunean idazle debekatua izanagatik ere, Dovlatov ez zen sekula sobietar sistemaren aurka aritu, ezta salaketa edo mendeku asmorik agertu ere. Horren ordez, nahiago izan zuen garai hartako errealitatea ironiaz islatu. Maleta-n egunerokoa arautzen duen absurdoaz eta zentzugabekeriaz ohartuko da irakurlea. Behin ere modu zuzenean kexatu gabe, egunerokoa osatzen duten txikikeriei eta esfera pertsonalari berebiziko garrantzia eskainiz, autoreak sobietar gizartea eta haren funtzionamendu askotan aldrebes xamarraren berri ematen du. Zeregin horretan, esan gabe doa, errusiar umore garratzaz baliatzen da vodkaz bezainbeste. Dovlatov ziztakaria maisua baita sarkasmoa erabiltzen hartzaileari mezua ahalik eta modu eraginkorrenean igortzeko. Ipuinak, bestalde, estilo arin eta gardenean idatzita daude, horrek kontatzen denari batere zorroztasunik kentzen ez diola.

Iraitz Urkulok, 2015eko ekainaren 26an.

Itzultzailea

Amaia Apalauza (Iruñea, 1979). Euskal Filologia ikasia, Nafarroako euskarari buruzko doktore-tesia aurkeztu zuen 2011n. Itzultzaile-zuzentzaile autonomoa da. EIZIEko Zuzendaritza Taldean aritzeaz gain, 2016an Euskaltzain urgazle ere izendatu zuten.

Informazio gehigarria

Orrialde kopurua

160

Neurria

13 x 19,5 zentimetro

ISBN

978-84-9746-980-7

Argitaratze data

2015/05/15

Baliteke hauek ere gustuko izatea…

Biba literatura!