Ingeborg Bachmann
Austriako Klagenfurten jaio zen 1926an, eta 1973an hil, Erroman. Filosofia, psikologia, aleman-filologia eta zuzenbide ikasketak amaitu eta gero, gidoilari eta editore gisa lan egin zuen. Literaturaren munduan aurrera egiteko, funtsezkoa izan zen Gruppe 47 literatura-talde ospetsuarekin izan zuen harremana eta taldean jokatutako papera. 1953an, Erromara joan zen bizitzera, eta han ondu zituen bere lanik ospetsuenak; han bertan hil zen 1973an. Bizi zelarik, bi poema-bildumari esker izan zen ezagun batez ere, baina, hil ondoren, arrakasta handia izan zuen irakurle feministen artean, eta gero eta arreta handiagoa jarri zitzaion haren prosazko lanari. Austriako gerraosteko gizartean emakumeek bizirauteko eta beren ahotsa bilatzeko egin behar izan zuten borroka aztertzen du Bachmannek bere prosa-lan askotan.