James Joyce
Beti aldarrikatu zuenez, jesuiten hezkuntzak pentsamolde zorrotz eta metodikoa eman zizkion, bere obra berritzaile eta esperimentalean ere islatzen dena. Bere jaioterriarekin harreman zaila zuen. Joyce Irlandako ikur nazional bilakatu da aspaldi, baina zoriontsuago izan zen Triesten, Parisen edo Zurichen emandako urteetan. Hil ondoren azken hiri honetan ehortzi zuten, bere emazte Norak ez zuelako zerraldoa Irlandara garraiatzeko baimenik jaso. Jorge Luis Borges edo T.S. Elioten ustez, Joycen izena Shakespearenaren alboan ipini daiteke literaturaren historian, ezbairik gabe.