Kate Chopin
Kate Chopin (AEB, Missouri, Saint Louis, 1850-1904). Amaren aldetik jatorri frantsesekoa, aitarenetik irlandarrekoa, giro elebidunean hazia. Ezkondu eta Louisianako plantaziogiroan bizi izandako urteek arrasto sakona utzi zuten bere obran. Lehenengo nobelan (At Fault) dibortzioaren gaia jorratu zuen. Ez zuen aurkitu inor bigarrena (Young Dr. Gosse and Théo) argitaratzeko prest, eta, gerora, suntsitu egin zuen. Hirugarrena izan zen bere nobelarik ezagunena (The Awakening / Esnatzea). Kritikari gehienek oso gogor hartu zuten, eta morboso, desatsegin, kaltegarri, lizun eta pozoitsutzat jo. Balio literariorik aitortzen ez ziotela ikusirik, ipuingintzari lotu zitzaion ia esklusiboki. Egun, idazle klasikotzat eta literatura-mugimendu feminista modernoaren aitzindaritzat hartzen da.