Rebecca West
Britainiar idazle, kazetari, liburu-kritikari eta bidaia-idazlea izan zen. Giro intelektual biziko familia batean hazi zen. Hiru ahizpetan gazteena zen, Edinburghera joan zen bizitzera eta han hasi zituen ikasketak, harik eta 1907an bertan behera utzi behar izan zituen arte, tuberkulosiaz gaixotu ondoren. Momentu horretatik aurrera bere formazioaren parte handi bat autodidakta izan zen. Aktore ikasketak egin zituen Londresen eta orduan hartu zuen Rebecca West izena Henrik Ibsen idazlearen Rosmersholm antzezlanaren emakume heroi gaztearen pertsonaian oinarrituta. Westek mugimendu feminista eta sozialisten bozeramaile gisa landu zuen bere ospea, hainbat aldizkari eta egunkarietan entsegu eta kritikak argitaratuz. Fikzioa eta ez-fikzioa uztartu zituen, ibilbide ezin oparoagoan.