Itzultzailea
Iñaki Zubizarreta (Azpeitia, 1947). EIZEko lehendakaria izan zen 1990etik 1991ra. Kultura idatzi oparoz jantzia: grekoa, latina, Erdi Arokoa, Berpizkundekoa, barrokoa, neoklasikoa, erromantikoa, modernoa eta postmodernoa. Linguistika Erromanikoan lizentziatu zen EUTGn (1970-1975). Donostiako Herri Irratian esatari ibili zen, eta hainbat irratsaio sortu eta aurkeztu zituen. Euskal Telebista sortu baino lehen antolatu zen Irrati-Telebista Eskolatik eratu zen FIBIZE zerbitzu etxean ikastaroak eman zituen. Hainbat artikulu argitaratu ditu euskarazko prentsan eta aldizkarietan: 1969an hasi zen Zeruko Argia aldizkarian artikuluak idazten, eta jarraitu du beste agerkariotan: Argia, Euskaldunon Egunkaria, Jakin, Senez, Berria, El País…