Larrua
€19,00
Author : Curzio Malaparte
Malapartek gerraren izurriari eskaini zizkion hiru liburuetatik bigarrena, Larrua, gerraondoko lehen urteetan idatzia, 1949an agertu zen Italian, eta hurrengo urtean, Frantzian. “Ez da gerrateko Europaz ariko, ezbada gerraondokoaz. Krudeltasunik gabe egongo ez bada ere, ez da Kaputt bezain krudela izango; aitzitik, jostagarriagoa izango da, izugarri bezain alaigarri izango delako” idatzi zuen Malapartek, Larruaz ari zela. Aliatuek askatu/ okupatutako Napoliri buruzko kronika eleberri gisa kontatu honek polemika arras bortitza eta gaitzespenik garratzenak sortu zituen Italian, argitara atera zenean: Eliza Katolikoak liburu debekatuen indixean sartu zuen; eta hainbat italiar ospetsuk, antipatriotiko eta moralgabea iritzirik, gogorki kritikatu zuen. Geroago ere eleberriak kritika latzak eta laudorio sutsuak jaso ditu. Batzuen iritzian, Malaparte “xaboi burbuila terroristen egilea” da; beste batzuek, aldiz, XX. mendeko literatur lan onenen artean sartu ez ezik, XX. mendea hobekienik irudikatzen duen eleberria dela uste dute.
Itzultzailea: Jose Ramon Vazquez Rosón.
Benetako izena Kurt Erich Suckert zuen, eta Toscanako Praton jaio zen 1898an. Lehen Mundu Gerran alemanen aurka borrokatua, 1922an Alderdi Nazional Faxistan sartua, hainbat aldizkari politiko-literarioren sortzailea, Corriere della sera eta Tempo agerkarien artikulugilea eta, Bigarren Mundu Gerran, gerra berriemailea hainbat frontetan, liburu asko eta askotarikoen idazle izan zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Parisera aldatu eta antzerki lanak moldatu zituen. Erroman hil zen 1957an.
Malaparte estilo garden baten jabe da. Horrez gain, nobela filosofiko iradokitzailea aurkezten digu, gerra garaietako eta ondorengo giza-degradazioaren gaineko deskribapen errealista zehatza eta surrealista, aldi berean. Napoliren gaineko deskribapenak, esaterako, naturaren eta gizakiaren arteko borroka latz eta antzuaren gaineko deskribapen miragarriak dira Malaparteren lumari esker, literatura epifania bihurtzeko gaitasun naturala baitu italiarrak. Naturak gupidagabe agertzen ditu haren edertasuna eta boterea, bizirik irautea besterik ez duen gizaki hauskorraren aurrean, eta kapitalismoa zein kristautasuna txanpon bereko ifrentzuak besterik ez dira. “Gizarte kapitalista sentimendu honetan oinarrituta dagoela: sufritzen duen gizakirik ez badago, ezin dela nor bere ondasunez eta zoriontasunaz erabat gozatu; kapitalismoak kristautasunaren zurigarria gabe ezin iraun lezakeela”.
Hasier Rekondok, 2016ko ekainaren 1ean.