Galdera guztiak dira misteriotsu, baina agian misteriotsuena aspaldiko “Zergatik?” hura da, zeren egiten dugunaren zioa. Ez baita sekula suertatzen bakar, zehatz edo aratz
halanola den bakar, zehatz edo aratz ilargi betea gau oskarbian. Eta horregatik gelditu zen erantzunik gabe Ahalguztiduna bera ere Abelen buru txikitua ikusi eta Kaini galde egin zionean. Eta horregatik abiatu zen mende asko geroago Truman Capote Kansas estaduko mendebalera, eta horregatik ibili zituen behin eta berriro hango herri, bide eta ordeka garitsuak, hain zuzen ere Ahalguztidunak berak ere lortu gabea lortzeko, erantzun bat, erantzun bat, erantzun bat, benetako erantzun bat: Perry, Dick, zergatik hil zenuten Clutter familia on hura –Herbert, Bonnie, Kenyon eta Nancy– azaroko gau batean? Diruagatik, entzuten zuen Truman Capotek, gaiztakeriagatik, oso familia eta gizarte egoera txarrekoetan jaioak zirelako, gure moraltasuna eta gure legeak arrotz egiten zitzaizkielako… Baina bera, sinesgogor jeneraltasun haiekiko, lanean hasi zen; xehetasunak bilatzen, jasotzen eta pilatzen halanola ero batek soroetako harri txintxarrak bilatzen, jasotzen eta pilatzen dituen mendi bat egitearren, zeruraino iristeko helburuaz edo.
Eta azkenean, gogoz eta senaz, egin zuen berak ere mendi hori, bilatu, jaso eta pilatu zituen haren inguruko esames, hitzerdi, informe, albiste, aitorpen eta gainerako izpi guztiak… Ordea bere benetako lana ez zen hori, mendi bat eraikitzea, baizik eta mendi hura liburu batean sartu eta nobela bat egitea; eta azkenean, gogoz eta senaz, egin zuen Truman Capotek hori ere, eta nobela, zoragarria, hauxe da, In Cold Blood, Odol hotzean, euskal irakurleak euskaraz irakur dezakeen libururik onenetarikoa.
Bernardo Atxaga
Itzultzailea: Xabier Olarra.