Ogi Hutsa
€17,00
Author : Mohamed Xukri
Mohamed Xukrik 11 urte zituela Rifeko jaioterritik Tangerrera emigratu behar izan zuen bere familiarekin. Haurtzaroa bertako kaleetan, miseria gorriaren garaian lan xumeak eginez eta bizimodua nola edo hala ateraz bizi izan zuen, gose, indarkeria, prostituzio eta drogazaleen giroan.
Hogei urterekin ikasi zuen irakurtzen eta idazten, kartzelan lehenik eta Laraxen handik atera zenean.
Are ogi hutsa, tartean ezertxo ere ez zuena, nekez lor zitekeen garaiak ekartzen ditu gogora bere liburu aztoragarri bezain gordin honetan. Eleberri autografiko hau trilogia baten lehenbiziko liburua da. Debeku hori ez zen altxatu 2000 arte.
Itzultzailea: Arantzazu Royo Manterola.
1935ean jaio zen Ayt Chiker herrian, Marokoko Rif mendietan. Bere aita tiranikotik ihes egin zuen eta Tangerreko auzo txiroetan bizi zen haur etxegabe bat bihurtu zen, miseriaz, prostituzioz, indarkeriaz eta drogaz inguratua. 20 urterekin, irakurtzen eta idazten ikastea erabaki zuen eta irakasle bihurtu zen. 1960ko hamarkadan, Tanger kosmopolitan Paul Bowles, Jean Genet eta Tennessee Williams ezagutu zituen. Bere trilogia autobiografikoagatik egin zen ezagun. 2003an hil baino lehen, bere betiko laguntzaileari laga zizkion bere ondare gehienak.
Idazkera zuzena, sendoa, jakintsua, guk, jatorrizkoarekin erkatzeko gaitasun ezatik, euskarazko bertsioan Arantzazu Royoren itzulpen bikainari esker gozatzeko luxua duguna. Ez zaitu, ez, hotz utziko irakurketa bortitz bezain atsegingarri honek.
Mikel Garmendiak, 2011ko urtarrilaren 26an. Aingerutzat hartzen du aitak hildako anaia, eta deabrutzat bere burua, ogi puska bat hartzeko, lapurretan, borrokan eta kontrabandoan aritu delako. Aingerua da bere ama eta deabrua aita, eta giro horretan prostitutak batzuetan aingeru eta beste batzuetan deabru. Aparteko aipamena merezi du emakumeak eleberrian hartzen duen protagonismoa, hierarkiaren piramidea arras sendo dagoen gizarte batean, piramidean agertu ere ez direla egiten esango nuke, gizonek egiten dute gora eta behera bertan, eta emakumeak beheraldi horietan larrutan egiteko panpinak dira, etsipena izerdi-saio gordin batekin ahazteko; emakumeak goraldietan larrutan egiteko panpinak dira, garaipena ospatzeko, garaikur dira. Gordintasun osoz azaltzen ditu autobiografian rol-banaketak, eta gordintasun osoz agertzen da sexua, putetxeetan gehienetan, kanpaia joz askotan eta egoerak behartutako maitasun desitxuratuaren ohantzean noizean behin. Gordintasun osoz agertzen dira Marokok bizi dituen barne-gatazkak, Frantziako protektoratuak eragiten dituen iritzi kontrajarriak, Espainiako mendekotasunak eragiten dituenak bezala.
Iker Zalduak, 2011ko apirilaren 2an. Ogi hutsa ez da pertsona helduak haurtzaroari begira idatzitako lan memorialistikoa. Ez dugu aurkituko atzera begiratu eta egindakoei buruzko irakurketa nostalgikoa edo damutua egiten duen heldua. Idazle askok beren buruak justifikatzeko erabili izan dituzte lan autobiografikoak, baina hemen ez du irakurleak antzekorik aurkituko. Hipokrisiarik gabeko liburua da. Esate baterako, indarkeria matxista eta bortxaketa guztiz natural ageri dira liburuan. Umeak ikasten du emaztea jotzea egin beharreko zerbait dela, eta ez du zalantzan jartzen, arazoaren egiturazko erroa irakurlearen begietan argiago utziz. Narratzaileak iraganeko formak erabili arren —eta idazleak oin-oharren batean idazten ari den unetik zehaztasunen bat ematen badigu ere—, orduko ikuspegitik kontatzen du. Azken batean, nobela bat da esku artean duguna, idazlearen esperientzia pertsonaletik abiatuta, joan den mende erdialdeko Tangerreko herri xumearen erretratu zorrotza egiten duena, miseria gorrian bizi zirenei ahotsa ematen diena, Xukriren ahots berezituaren bitartez. Liburu gordina da, hizkuntza zuzenean emana, itzulingururik gabekoa. Idazleak irakurlearen esku uzten du ondorioak ateratzeko betebeharra.
Leire Lopez Ziluagak, 2011ko urtarrilaren 9an.