Parranda
€12,00
Author : Eduardo Blanco-Amor
A Esmorga, Blanco-Amor berak gaztelaniara itzulia eta La Parranda izenburuarekin 1959an argitaratua Buenos Airesen, ekinaldi bakarrean idatzia da, hilabete pasatxoko epean, “nire haurtzaroko ikuspen erdi-kontziente batek abiarazita”, egileak berak dioskunez.
Parrandan gizarte marjinaleko mundu oso bat agertzen zaigu, prostitutaz, gizaseme arregiz eta gizaseme ez hain elementalez osatutako azpimundua, egun bateko parranda ero batean bildua eta erloju tragiko batek heriotzara bultzatzen duena.
Parranda maisulanak XX. mendean galegozko narratibaren berritzean eragin handia izan zuen, eta Espainiako literaturan modernismoaren lehen zantzuak azaltzen hasi baino lehenago argitaratu zen.
Itzultzailea: Ramon Etxezarreta.
Galizieraz eta gaztelaniaz idatzi zuen. 'Nós' belaunaldiaren partaide izan zen, Manuel Antonio eta Amado Carballorekin batera. Teknika narratiboa maisuki menperatzen zuen: hizkuntzaren aberastasuna eta bere obra nagusiak zeharkatzen dituen umorea dira bere dohainak. Argentinan, Txilen eta Uruguain eman zuen bere ibilbidearen atal luze bat. 1979an Vigon zendu zen.
Liburuaren tituluak seinalatzen duenez, parranda baten kontakizuna da. Baina a ze parranda: hain basatia izan zen, oraindik jendeak hartaz hitz egiten duela, 90 urte paseak diren arren; eta kontatzen duten horretatik abiatuta kontatzen zaigu guri, aje handi batekin bezala, hutsunez beterik, guztiz fidagarria ez den narratzaile baten ahotik. Literatura tremendistatzat jo izan dute: pertsonaia marjinalak, esplizitu egiten ez den —momentu historiko horretan egin ezin den— homosexualitatea, dena inguratzen duen biolentzia latente bat. Galizia underground bat, sukaldeko irinaren trafikoa hasi baino lehen ere existitzen zena.
Gorka Bereziartuak, 2017ko martxoaren 28an. Narrazioa momentuka da barre-egingarria, momentuka da negar-eragilea, baina momentu oro da aurrera egiteko gonbita, parrandalari horiekin batera aurrera egitekoa. “Lagunekin habilenean, gauzei utzi egin behar zaiek joaten errematera arte”. Eta errematea, derrigorrean, da tragikoetan tragikoena.
Aritz Galarragak, 2016ko apirilaren 30ean. Liburuak berritasuna ekarri zion narratiba galegoari, hura modernismoari begira jarriz. Bertako literaturan lehendabiziko aldiz giza miseria, guardia zibilaren abusuak, buru-gaitza, moral zalantzazkoa eta emakumeekiko tratu txarrak bezalako gaiei leku eginez, testu ausart, apurtzaile eta heterodoxoa sortu zuen. Tabu horiek guztiak gainditurik, kanonetik urruntzea erabaki zuen, periferian bete-betean murgiltzeko. Emaitza tragedia kutsuko eleberri pikaresko asaldatzaile bat da.
Iraitz Urkulok, 2016ko urtarrilaren 10ean.