Proleterka
€12,00
Author : Fleur Jaeggy
Proleterka nobela labur eta bitxi honetan, kontalariak oso dosi txikietan aletzen du nerabezaroan egindako itsas bidaia bat, oroimenak lausotzen hasteko aski denbora izan duenean, berrogeita hamar urte beteta hain zuzen.
Nabarmena da liburuan, lehen lerrotik hasita, heriotzak, eta bereziki suizidioak, hartzen duten nagusitasuna. Hala ere, zalapartarik gabe aipatzen dira, espanturik gabe.
Bidaia iniziatiko baten narrazioa ere bada Proleterka, itsasontzian doan neskaren lehen sexu-esperientziak azalduko dizkiguna, ontzi zarpail samar bateko kamaroteko giro itogarrian eta modu bortitz samarrean gauzatuak.
Eros eta Thanatos, beraz: eroen ontzia bere nora ezean daramaten bi arraunak. Horretara murrizten du emakume narratzaileak bizitza. Ez dago aitaren bilaketarik, ez aita hil beharrik: bizia berez doa, eroen itsasontzia bailitzan, portu batetik bestera, geldialdi laburrak eginez han eta hemen, azken portura iritsi arte.
Itzultzaileak: Fernando Rey eta Miren Iriarte.
Fleur Jaeggy (Zürich, 1940). Italieraz idazten duen idazle suitzarra. Zenbait liburu ditu idatziak, horien artean nabarmentzekoak: I Beati anni del castigo (Zigorraren urte ederrak) eta Proleterka (2001, Times Literary Supplementek nobela hoberenaren saria emana 2003an). Itzultzailea ere bada, eta Marcel Schwoben eta Thomas de Quinceyren obrak itzuli ditu italierara.
Aditzez baino ez nuen ezagutzen Fleur Jaeggy, eta kasualitatez etorri zaizkit eskuartera haren bi obra labur handi ia aldi berean: Zigorraren urte ederrak eta euskaratu berria den Proleterka. Eta aldian behin gertatzen den enkontru zorioneko bat bezalakoa izan da Jaeggy irakurtzea, idazle erabat bakan, nahastezina eta inarrosten zaituena da-eta suitzarra. Brodskik esan omen zuen Zigorraren urte ederrak irakurtzeko behar den denbora lau bat ordu direla, eta uzten duen arrastoa, aldiz, bizi guztirakoa. Proleterka irakurtzeko ere ez da askoz denbora gehiago behar, baina obra handiek ohi duten gisan uzten du irakurlea aztoratuta.
Ibon Egaña, 2018ko azaroaren 24an. The Times Literary Suplement-ek 2003ko lanik onena aukeratu zuen Proleterka nobela; orain, Miren Iriarteren eta Fernando Reyren eskutik euskarara ekarri du Ereinek. Nahiz eta bere literaturaz galdetzen diotenean egozten dioten hoztasuna ukatzen duen, Fleur Jaeggy gaur egungo italiar letretako idazlerik ilunenetarikotzat dute irakurleek, eta egiazki, bere prosara lehenengoz gerturatzen denak halako lanik irakurri gabekoa delako sentsazioa izango du: italiarrarenaren hizkera singlea izanagatik, garratza ere bada, irakurlea ziztatzen duten horietakoa.
Aiora Sampedro, 2018ko azaroaren 11n.