Samina
€13,00
Author : Marguerite Duras
Paris, alemanek okupatuta dago. Robert eta Marguerite Erresistentzian ibiliak dira. Robert, 1944an, segada batean erori eta Alemaniara deportatu zuten, kontzentrazio esparru batera. Liburuari izenburua ematen dion istorio nagusian Roberten itxarote larrigarria kontatzen zaigu, haren emaztearen –Margueriteren beraren– ahotsaz. Alemaniako esparruak askatzen ari direla, deportatuak Parisera itzultzen hasiak dira, tantaka bezala, kondizio penagarrietan gehienak. Eta hor dago Roberten emaztea haren zain, bere bakardadean; hura oraindik bizi den ala fusilatu duten ez dakiela, ezer ez jakiteak eta itxaron beharrak sortzen dion egonezin saminean.
Testu hauek okupazioaren azken egunetan idazten hasi baziren ere, 1985era arte ez ziren argitara eman. Batzuk fikziozkoak, besteak benetazkoak, kezka moral baten lekukotasuna uzten digute borreroen eta biktimen arteko harreman konplexuetan.
Itzultzailea: Xabier Artola Zubillaga.
Haurtzaroa eta nerabezaroa Indotxinan igaro zituen, eta bere bizitzako garai horrek aztarna sakona izan zuen bere lanetan. Matematika irakaslea zuen aita; ama maistra zen. Ama alargundu zenean, Frantzian urtebete egin ondoren, Indotxinara itzuli ziren, eta hantxe pasatu zituzten hamar urte, mahastizaintzatik bizi nahian. Ondoren, Frantziako Alderdi Komunistako partaide izan zen, baina 1955ean alderditik kanporatu zuten. Kolonialismoaren alderdirik ankerrena islatzen zuen bere lehenbiziko nobelak hautsak harrotu zituen. Indotxinan igaro urteak bere obrako zutabe nagusietakoa dira. Alkoholarekin izandako arazoak ez zituen sekula ezkutatu nahi izan.
Ezaugarri desberdineko sei narrazio daude liburuan, baina giroak eta tonuak lotzen ditu euren artean: atmosfera itogarria eta intriga nagusitzen dira, batez ere etengabe hondoan dagoen erresistentziaren bizimodua dela medio. Narrazio nagusia Samina da. Bertan, protagonista, lehen pertsonan idazten duen emakumea, bikotekide deportatua Alemaniatik noiz iritsiko zain dago. Testua eguneroko gisa abiatzen da, 1945eko apirilean, eta bat-batean atzera begirako kontakizun elipsiz betea bihurtzen da. Horrelako jauzi formalak daude hainbat narraziotan, eta idazketa autobiografikoak eragindako ondorio formal zatarrak eman dezakete. Hala ere, esan behar da funtzionatu egiten dutela, pertsonaien barneko tenpoari lotutako aldaketak diren neurrian. Laztura pertsonalaren lekukotasuna emanez, holokaustoaren eta gerraren zeharkako kontakizuna azaleratzen da Samina-ko narrazio guztietan, izugarrikeriaren testigantza pertsonal eta kritikoa, singularra izanagatik ere, unibertsalaren bidea egiten duena. Durasen jarrerak ez du zalantzarik uzten: “Krimen honi eman dakiokeen erantzun bakarra, denon krimen bihurtzea da. Partekatzea”. Zorrotz mintzo da egilea, bere buruaz zein gainerakoez, eta kritika gogorrik ere ez da falta.
Alex Gurrutxagak, 2015eko martxoaren 8an.