Sherlock Holmesen memoriak
€21,00
Author : Arthur Conan Doyle
Misterioaren lagun, hemen dituzu Sherlock Holmes detektibearen eta Watson doktorearen 12 istorio izugarri. Ingalaterrako zaldi-lasterketetako krimen lazgarriak, ongi hezitako familien erritu ezohikoak, maitasun eta desira arriskutsuegiak, buruhaustez beteriko hilketak, Moriarty irakasle iluna… Horiek eta beste asko topatuko dituzu orriotan. Sherlock Holmesek eta Watson doktoreak arrazoimen hutsaren eta haien arteko laguntasunaren indarraz egingo diote aurre kasu bakoitzari. Batzuetan zure laguntza beharko dute, irakurle, hilketa asko ez baitira, ez, argitzen errazak…
Itzultzailea: Aitor Blanco Leoz.
Ilustratzailea: Adur.
Inoizko detektiberik ospetsuenaren sortzailea eskoziarra dugu. Medikuntza ikasketak egina, oftalmologo aritu zen, baita Artikoko baleontzi batean mediku ere. Katolizismoa baztertuta murgildu zen okultismoaren ur ilunetan. Hiru gerratan zuzenean parte hartzea egokitu zitzaion. Politikan unionista liberalekin aritua, Kongoko basakeria koloniala salatu zuen. 60 liburutik gora idatzi zituen, fikziozkoak, eleberri historikoak eta askotariko saiakerak. Egun oraindik ere aipatzen badugu, Sherlock Holmes eta Watson doktorea sortzeagatik da. Lan garrantzitsuagoetatik desbideratzen zutela iritzita, haiek akabatzea erabaki zuen autoreak, baina jarraitzaileen protestek behartuta berriz ere berpiztu behar izan zituen gure detektibe argia eta doktore are argiagoa.
Hala ere, bilduma honetan, interesgarria da, batetik, jadanik Sherlocken zenbait liburu idatzirik izanik, idazleak aukera daukala aurreko abenturekin jolasteko, eta hala erreferentzia egiten die detektibearen aurreko ibilerei, denboran zehar garatuz doan pertsonaia dela erakutsiz. Bestetik, ipuinero agertzen du Sherlocken ezaugarri berriren bat, jadanik egonkortua dagoen bere irudia (famatua, hutsik gabekoa, serioa, hotza) aberastuz: urduri agertzen da, depresioa du, txakalaldiak… Horrez gain, bere lehendabiziko kasua aitortzeak edota asmatu ez zuen misterio bat onartzeak pertsonaia are gehiago humanizatzen dute.
Irati Majuelok, 2022ko otsailaren 13an.