Ez duzu libururik saskian.

  /    /  Literatura Unibertsala  /  Zorion klandestinoa

Zorion klandestinoa

13,00

Author : Clarice Lispector

Clarice Lispectorrek hizkuntza guztiak dakizki, baita isiltasunarena ere. Claricek maitasunaren bidez izendatzen du. Maitasunaren legea diktatzen du, baina axolagabekeria kaotikoan erori gabe. Ez ditu desberdintasunak erriprimitzen; aitzitik, formulatu egiten ditu, taxua ematen die. Izendatzea da besteei egin diezazkiekegun hamaika keinuetako bat. Laztan egitearen, begiratzearen, isilean dei egitearen parean. Claricek hizkuntza bera lantzen du, eta orobat aztertzen du nolako harremana duen gorputzarekin, zeinen erraz izenda daitezkeen gorputzik eta errealitaterik gabeko gauzak, hitzak besterik ez direlako.

 

Gizaki eta animalien aldea jorratzen du. Kexu da animalia ez izateagatik. Areago, bere baitako animaliaren bila dihardu. Haren lan-eremua ez da zientzia, baizik eta bizitza, heriotza, maitasuna.

 

Itzultzailea: Iñigo Roque Eguskitza.

SKU: Eiz-165 Saila Etiketak: , ,

Clarice Lispector

Ukrainan jaio zen familia judu batean. Halere, jaio eta gutxira Brasilera alde egin behar izan zuen. Genero asko landu zituen, generoen gainetik aritu bazen ere: ipuinak, eleberriak, haur-narrazioak, kronikak, zutabeak… Hizkuntza maisukiro erabili zuen gauzen esentzia zulatzeko. Brasilgo emakume idazleetan aitzindari izan zen, munduko literatura bere gisara egokituz. Emaitza prosa berdingabe bat da, batik bat sentimenak kitzikatzen dituena.

Liburuari izena ematen dion lehen narrazioan, Recifeko neskatila baten iniziazio gozamenak deskribatzen dizkigu, irakurtzearen gozamen klandestinoaz eta kasik sexualaz ari zaigu, epifania baten antzera deskribatutako ezkutuko irakurle baten testigantza; alta, Lispectorren luma ezin zehatzagoan gauzak ez dira ematen dutena bakarrik. Errealitate antzemanezin bat eraikitzen baitu hitzaren lanabes gardenaz. “Ordurako ez nintzen neskatila bat liburu batekin: emakume bat nintzen maitalearekin”. Italian barrena egin nuen bidaia batean, Lispector, Roqueren euskara gardenaz blai, izan nuen bidaide. Irakurketaren plazer sinpleari ezin diot besterik eskatu: ezkutuan edo agerian irakurtzen jarraitzea.

Hasier Rekondok, 2016ko urtarrilaren 10ean.

Neurri batean, identitatea eta besteratzea bezalako gaiak agertzen dira “Zorion klandestinoa”n bildu diren narrazioetan. Istorio hauek askotan haurtzaroko mundura bideratzen dute irakurlea. Izan ere, pertsona bati gertatu behar zaizkion gauzarik inportanteenak haurtzaroan baino ez baitira jazotzen. Ipuin hauetan ez ditugu balentria handiak kontatzen dituzten istorioak aurkituko, baizik eta egunerokotasun arruntean bizi diren pertsonaia batzuei gertatzen zaizkien anekdota txikiak, ohikoak, pertsonaia horien bizitzetan ez baita ezer apartekorik gertatzen. Baina argumentuaren izaera bereziari erreparatuz gero, aipamen berezirik mereziko ez luketen bizitza arrunt horiek, existentzia azaltzeko gai diren metaforak bihurtuta agertzen dira idazle honen literaturan. Gertakari xume bat, inork garrantzi handirik emango ez liokeena, literaturari esker gairik sakonenetan murgiltzeko bidea da.

Javier Rojok, 2015eko uztailaren 4ean.

Itzultzailea

Iñigo Roque Eguskitza (Portugalete, 1976). Euskal Filologia ikasi, eta itzulpengintzako graduondokoa egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, UPV/EHUko Euskara Zerbitzuan dihardu zuzentzaile-lanetan. gehienbat portugeseko lanak ekarri ditu euskarara, tartean Antonio Lobo Antunesen Gauzen ordena naturala, zeinari esker jaso baitzuen, 2014an, Euskarazko Literatura Itzuliaren Euskadi Saria. EIZIEko zuzendaritza taldeko kide izan zen.

Informazio gehigarria

Orrialde kopurua

188

Neurria

13 x 19,5 zentimetro

ISBN

978-84-9746-979-1

Argitaratze data

2015/05/15

Baliteke hauek ere gustuko izatea…

Biba literatura!